Agenda

Atzealdea

"4 SASUAK" KONTZERTUA LARRAULEN

Arranoa Laukotea-k, Stéphane Rougier solistak eta Mixel Etxekopar, Patrik Larralde, Paxkalin Chabagno eta Paxkal Indo musikariek "4 sasuak" - Vivaldi Euskal Herrian proiektura aurkeztu zuten. Proiektu honen emaitza Bankako elizan grabatu zen diskoa duzue. Vivaldiren musika klasikoa eta Euskal Herriko musika tradizionalaren arteko fusioa izango dugu entzungai Larraulgo elizan irailaren 23an. Laster izango duzue informazio gehiago.
23 IRA

Vivaldiren (euskal) Lau sasuak musikaldia, lehen aldiz ikusi ahal izango da hegoaldean irailaren 23an Larraulgo Elizan.

           Ez luke aparteko berezitasunik musika barroko honen entzunaldi batek, alta, berezitasun asko du ikuskizun honek. Esan ohi da musika barrokoak asko zuela askatasunetik, libretik eta bat-batekotik Bonaparteren garaiko musika-eskola zurrunak eta hertsiak etorri ziren arte. Askatasun espiritu edo izaera hau hartu du proiektu honek eta behar bada horrek egiten du erakargarri eta bikain Iparraldean sortutako musikaldi hau.

1725. urtean estreinatu zen obra hau, musika programatikoaren bitxi entzutetsuena da behar bada. Egun hartan, Vivaldik 4 soneto banatu zituen paperean entzuleria artean musikak gogora ekartzen dituen imajinak irudiztatzeko. Horrela elementu narratiboak txertatu ziren partituran; irudi hauen bidez urteko 4 urtaroetan Naturak eta gizakiak dituen jokaerak hobeto suma zitezkeen.

Gurera etorrita, 4 sasuak musikaldiaren oinarrian Arranoa hari-laukotea eta Stéphane Rougier paregabeak daude. Orkestra handietan jotzen duten musikari eskarmentatu hauek partitura interpretatzen dute. Behar bada hemendik aurrerakoa da bereziena …

4 sasuetan euskal musika-tresnak erabiltzen dira Vivaldiren obrak iradokitzen dituen irudi eta sentsazioak narratzeko. Euskal musika tradizionalean oso libreki bizi izan diren tresnak, hots, txirula, ttun-ttuna, intxaurrak, txalaparta, panderoa, ahotsa, ezkilak … erabiltzen dira besteak beste entzuleak honakoak ikusteko eta sentitzeko: Naturaren mugimenduak, haizeak, trumoiak, barealdiak, nekeak, txori-kantuak, lore lehertzea, errekastoak, pozak, hotzak etab. Egun, musika klasikoa ukigaitz edo urruneko genero bat bezala ikusten dugu maiz eta horregatik-edo, oso gutxi nahasi eta fusionatu den musika bezala bizi dugu. Baina aparteko zehaztasun eta gustuz moldatuta, euskal tresna tradizionalez jantzita,  obra hau zein eder eta geure izan daiteken erakusten du musikaldi honek. Iradokitze edota narrazio lanetan, euskal musika tresnak jotzen alegia, honako hauek izango ditugu: Mixel Etxekopar, Paxkal Indo, Paxkalin Chabagno eta Patrik Larralde.  Larraulgo Kultura Batzordeak gainera, interpretazio-gida moduko bat banatuko du sartzeekin batera, lau kontzertuak eta hauen hiruna mugimenduak ahalik eta ondoen eta argien bizi eta sentitzeko.

Kalitatea ez da eguneroko ogia, eta kontzertu hau ere ez. Kontzertu oso ona den heinean, oso garestia da. Horregatik Larraulgo Kultura Batzordeak sekulakoak eta bi egin behar izan ditu hau antolatzeko. Altruismoa hartu behar izan dugu bidaide eta laguntza partikularretara jo dugu halabeharrez. Hainbat enpresa eta talderen laguntza medio izango da posible irailaren 23an Natura eta gizakiaren sentsazio, aldaketa eta bizipenak musika bidez sentitzea.

Horregatik zuen laguntza erregutzen dugu musikaldi hau iragartzeko.

Milesker!