Agenda

Atrás

Nazioarteko sexu askapenerako eguna

Ekainaren 28an, Nazioarteko Sexu Askapenerako Eguna ospatzen dela eta, Larraulen ere egun horri ikusgarritasuna eman nahi izan diogu. Horretarako, film laburren emanaldi bat eskainiko da ekainaren 28an.
28 JUN

Filmazpit programaren bitartez, 5 film labur ikusteko aukera izango dugu Larraulen, jatorrizko bertsioan eta euskaraz azpititulatuta. Guztiek, homosexualitatea izango dute ardatz modu batera edo bestera landuta. Nazioarteko egun honetara bilduz, Larraulgo udalak pertsona LGTBIQek jasaten dituzten diskriminazio eta erasoen aurrean bere aletxoa jartzeko hautua egin du. 

Zergatik ekainak 28? 1969ko ekainaren 28an New Yorkeko Stonewall izeneko taberna batean sartu zen polizia transexual, lesbiana, gay eta bisexualak atxilotzera. Orduan jaio zen Sexu Askapenerako mugimendu borrokalari antolatua. Ordutik gizarte zein instituzioetan lanean jardun da sexualitatea modu askean bizitzeko.

Zer ikusiko dugu film labur hauetan? aipatu moduan, 5 film labur dakarzkigu Larraulera. Orotara, 77 minutuko iraupena izango dute filmeek. Hauxe da labur esanda filmeen sinopsia:

Pepper (2013)

Drag queen izateko erabakia hartu zuenean bere semeak errefusatu egin zuen Pepper. Haur batekin ezustean topatu ondoren familia eta “zuzena dena” egiteak duen garrantzia ekarri dio gogora.

Doce de Goiabada (2014)

Elisa eta Denise lagun minak dira. 11 urteko neskatxak dira. Egun batean Elisaren amonak joko intimoak partekatzen topatuko ditu. Elkarrengandik urruntzera behartuko dituzte.

En eftermiddag (2014)

Mathias Frederik bere lagunarekin maitemindurik dago eta esan egin nahi dio. Halaber, momentua iristen denean, lehenengo pausua emateko beldur da...

Tomorrow (2014)

Clark eta Trevor unibertsitatean ikasten hastear daude eta beraien arteko -adiskidetasunaren etorkizunari buruz mintzo dira... Gabon Zahar eguna da eta Clarkek neska batekin lagundu diezaion eskatuko dio Trevor-i. 

Hole (2014)

Baztertu egiten duen mundu batean, bere oreka eta intimitatearen bila dabilen gizon minusbaliatu baten erretratu gordina.

Miss Finknagle Succumbs to Chaos (2013)

Liburutegiko arduraduna desagertzen denean, institutuko lau ikaslek beraien irudimena frogan jarri behar izango dute misterioa argitu ahal izateko. Baina euren teoriak errealitatetik oso urrun daude…

 

Udal honek eskaini dezakeen elkartasunetik, diskriminazioaren aurka, homofobia eta transfobiaren aurka, eta aukera berdintasun guztien alde film labur hauen emanaldira gonbidatzen ditu udal gobernuak larrauldarrak.